2025/10/06

Zabalik dago gidabaimena Euskaraz prestatzeko eta ataratzeko zein Euskara ikasteko diru-laguntzak eskatzeko epea urriaren 31ra arte



Gidabaimena euskeraz prestatu eta azterketa euskeraz egin daben bermeotarrek, Bermeoko Udalak, beste urte batez, horretarako emoten dauzan diru-laguntzak eskatu ahalko dabez urriaren 1etik 31ra bitartean.

Diru-laguntza horreen helburua dira Bermeoko bizilagunen bizitzaren arlo guztietan euskeraren erabilera normalizatzea eta euskeraren erabilera sustatzeko udalerriko eragileekaz batera ekimenak eta programak bideratzea.

Interesatuek eskariak Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea, 6-8) edota Bermeoko Udaleko egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dabez eta baldintzak betetzen dabezan eskatzaileek 150 euroko diru-laguntza jasoko dabe.

Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak honako honeek dira:
  • Bermeon erroldatuta egotea.
  • Gidabaimenaren prestakuntza osoa euskeraz egitea.
  • B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskeraz eginda eta gaindituta izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen.
  • Bermeoko Udalagaz zorrik ez izatea.
Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskeraz prestatu daiteke, teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskeraz dagoalako eta, ondorioz, azterketa euskeraz be egin daiteke.

Diru-laguntza horreekaz Bermeoko Udalak bereziki gazteak animatu gura dauz gidabaimena prestatzeko orduan euskera erabili daien, ze batez be gazteek izaten dabe interesa gidabaimena prestatzeko eta gazte gehienak euskeraz alfabetatuta dagoz.


Euskara ikasteko dirulaguntzak
Euskara ikasteko dirulaguntzei dagokienez, 2024-2025 ikasturtean egindako ikastaroak diruz lagunduko dira, udakoak barne. Dirulaguntza hauen onuradunak izango dira ikasturte horretan homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten Bermeoko biztanleak.

Eskatzaileek, besteak beste, honako baldintzak bete behar dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen denera arte emaniko orduen %80 edo goragoko asistentzia edukitzea, hasten den ikastaroa bukatzea eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea. Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. Aldi berean, ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 € jaso ahal izango dituzte.

Era berean, Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileei, gehienez, matrikularen %70 ordainduko zaie eta ikasturte barruan langabezian daudenei, asko jota, matrikularen % 60. Gainontzeko ikasleek, gehienez, matrikularen %50 eskuratu ahal izango dute. Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen dirulaguntza hauek bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten laguntzekin.

Diru-laguntzei buruzko informazino gehiago jaso gura dabenek Bermeoko Udaleko Euskara Sailean (946179122, euskera@bermeo.eus) edota bere webgunean (www.bermeo-euskaraz.com) izango dabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Bermeoko Gazteentzako Informazino Zerbitzua ez da hemen adierazotako eritxien eta jasotako ideen erantzule egiten, baina parte hartzeko, erabiltzaileak gitxieneko baldintza honeek kontuan euki beharko dauz:

1.- Era honetako mezuak ez dira onartuko: neurribakoak, lizunak, enpagugarriak, mehatxatzaileak, faltsuak, difamazinokoak, sexu orientazinokoak, pertsona partikularren identidadea erakusten dabenak, datu pertsonalak daroezanak, diskriminatzaileak, iraingarriak, egile eskubideak urratzen dabezanak edo legearen aurkakoak izan daitekezanak.

2.- Aurreko puntuan adierazotako moduko mezuren bat jarri ezkero, mezua ezabatu egingo da.