2026/11/09

23 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteek EMANTZIPA laguntzak eskatu ahal izango dabez azaroaren 30era arte

 

Emantzipatu? Orain errazago!

EMANTZIPA Eusko Jaurlaritzaren laguntza da, 23 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazinoa bultzatzeko.

Onuradun bakotxak 300 euro jasoko dauz hilean, gehienez be 24 hilabetez, betibe ezarritako baldintzak beteten jarraitzen badau. Dirulaguntza hori jaso ahal izango dabe urtean 3.000 eurotik gorako eta 30.000 eurotik beherako diru-sarrerak daukiezan gazteek, edo 36.500 eurora arteko diru-sarrerak daukiezanek, baldin eta ezkontideagaz edo izatezko bikotekideagaz batera ordaintzen badabe.

Adi! Eskabideak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 30era artekoa izango da.




2026/06/10

Gazteleku barria Jose Done ikastetxe ohian kokatuko da eta KIRIWIKI izena eukiko dau, Bermeoko Gazte Kontseiluak erabagita


Pasa dan ekainaren 5ean egin eban ikasturteko azken saioa Bermeoko Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Kontseiluak. Ikasturte osoan zehar, Gazteleku barria izango danaren proiektua izan dabe aztergai, eta egindako lanketaren ostean, Gazte Kontseilua osotzen daben 14 gaztetxoek (Eleizalde ikastolako, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Bermeoko Institutuko DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak) euren ondorioak eta hartutako erabagiak aurkeztu eutsiezan Bermeoko alkateari eta zinegotziei, Udaletxean egindako ikasturteko bigarren Osoko Bilkurean.


Ikasleek udalbatzari egindako proposamena, Gazteleku barria antxinako Jose Done Ikastetxean (Hermanuek) kokatzea izan da, hau da, Ametzaga gunean. Modu berean, gazteek eurek aukeratu dabe espazio barriaren izena be: KIRIWIKI izango da Bermeoko Gazteleku barriaren izena.

Gazteleku barriak 200 metro koadro inguruko azalera izango dau, eta, horrenbestez, orain arte erabilitako espazioa baino handiagoa izango da, izan be, Gizarte eta Kultura Etxean kokatutakoak 75 metro kuadro eukazan). Ikasturtean zehar, gazteek aukera izan dabe etorkizuneko Gaztelekuaren jardueren diseinua lantzeko, espazioaren hobekuntzak proposatzeko eta zerbitzua aberastuko daben ideia barriak mahai ganean jartzeko.

Bermeoko Udala hasi da dagoeneko Gaztelekua hartuko dauen gunea egokitzeko lanakaz, datorren ikasturterako prest egon daian. Lan horreek Ametzaga gunearen berreskuratze-prozesu zabalago baten parte dira. Izan be, eremu hori berroneratzeko lanean ari da udala, eta epe ertainera guneak bestelako itxura eta erabilera izango dauz, herritarrentzako espazio erakargarriago eta biziago bihurtuz.


Gazte Kontseilua Bermeoko Udaleko Gazteria Sailetik bultzatutako proiektua izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ekimen baten baitan sortu zan, Bizkaiko udalerrietan haur eta nerabeen partaidetza-organoak bultzatzeko helburuagaz. Arduradunek azaldu dabenez, Bermeoko kontseilua izan zan 2025ean aurrera egitea lortu eban bakarra; hori dala eta, ikasleei egindako lanagaitik eta erakutsitako konpromisoagaitik harro egoteko modukoa dala adierazo deutsie.

Kontseiluko kideak oso gustura eta pozik aritu dira parte-hartze prozesuan eta datorren ikasturtean be kontseiluko kide izaten jarraitzeko asmo irmoa dabe. Izan be, galdetuta ia 2026/27 ikasturtean barriro parte hartuko daben, guztiek baieztatu dabe Bermeoko Gazte Kontseiluan jarraitzeko prest dagozala. Datorren ikasturtean, ganera, eurentzat interesgarriak izango diran beste hainbat gai jorratuko dabez.

Bermeoko Udalaren ustez, holako ekimenek gazteen ahotsa entzunarazoteko aukera emoteaz ganera, herritartasun aktiboa, erantzukizuna eta erabagiak hartzeko gaitasuna sustatzen dabez, etorkizuneko herria gazteekaz batera eraikitzeko oinarriak ezarriz.

2026/05/28

Baperra eta tabakoa: tranpa bera, kalte bera. Ez bata, ez bestea... BAPEZ!

BAPEOAK eta TABAKOAK ez zaiezala LAINOTU 😶‍🌫️

BAPERRA eta TABAKOA: TRANPA bera, KALTE bera 🚬💨

✋ Ez bata, ez bestea… BAPEZ!


👉 Kontuan izan:

1. Ez hasi, ahal badozu.

2. Ez fiatu "seguruagoa da" esaten dabenekaz. Baperrak ez dira kalterik bakoak: nikotina, produktu kimikoak dabez eta biriketarako kalteak eragin daikiez.

3. Nikotinak menpekotasuna sortzen dau.

4. Laguntza eskatu. Badira laguntza programak.

5. Saihestu egoera arriskutsuak. Erretzen edo bapeatzen dan giroetan bazagoz, gatxagoa da ezezkoa mantenidutea.

6. Aukeratu beste plan batzuk.

7. Zure gorputza jagon. Ariketa, lo ona eta elikadura jaboteak estresa murrizten dau, eta 'ihesbide' modura bapeatzeko edo erretzeko tentazinoa txikitzen dau.

8. Sintomak entzun. Eztula, arnasa motza edo bularreko mina badozuz, ez normalizatu.

9. Presino sozialari aurre egin. "Danek egiten dabela" ez da egia.

10. Besteak errespetau eta babestu. Ez erretzea edo bapeatzea espazio partekatuetan besteak babesteko modua be bada.


🙏🏼 Gogoratu: BAPEOAK eta TABAKOAK ez zaiezala LAINOTU 🤯 😶‍🌫️

✋ Ez bata, ez bestea… BAPEZ! 💨❌

2026/05/20

Erabagi akademikoetan lagungarri izateko orientazinoa jaso dabe Busturialdeko familiek

 


Busturialdeko gurasoei zuzendutako lehenengo ikasketa eta lanbide orientazino jardunaldia burutu zan pasa dan apirilaren 18an Bermeoko Artza frontoian. Hurreratu ziranek Euskal Herriko zazpi prestakuntza zentrotako informazinoa jaso eta zalantzak argitzeko aukera izan eben.

Busturialdeko Gazteria Zerbitzuek (Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udala eta Urremendi Landa Garapenerako Alkartea) eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimena DBHko 4. mailan eta Batxilergoan dagozan seme-alabak daukiezan familiei zuzendutakoa izan zan, etorkizun akademiko eta profesionala erabakitzeko momentuan euki ahal dabezan zalantzak argitzeko helburuagaz. Horretarako, Euskal Herriko zazpi prestakuntza zentrotako ordezkariekaz zuzenean berba egiteko aukera izan eben. 

Bizkaia Gazteak Busturialdea ekimenaren baitan kokatutako jardunaldia izan da, 2024ean hasitako bideari jarraipena emotea bilatu dauena. Izan be, orduan antolatu ziran gazteei zuzendutako lehen orientazino saioak, eta 2025eko azaroan, ostera, bigarrenak.

Bai antolatzaileek eta baita jardunaldian parte hartu eben zentroetako ordezkariak be balorazino positiboa egin dabe, familiekaz hartu-emon zuzena izatea eurentzat oso garrantzitsua baita, izan be, zentroetan ate irekien jardunaldiak egin arren, herrietako jardunaldietan hartu-emona zuzenagoa da eta euren zalantzak hobeto argitzen dira.

2026/05/19

Bermeoko Adikzinoen Prebentzinorako Udal Zerbitzua ezagutzen dozu? Erdu eta ezagutu eizu!

 

Substantziadun edo substantziarik gabeko adikzinoen inguruan, herritarrei zuzendutako informazino, orientazino eta aholkularitza zerbitzua.

ZER ESKAINTZEN DUGU?

  • Tailerrak ikastetxeetan: sare sozialen eta bideo-jokoen erabilera egokia sustatzeko eta droga-kontsumoak eta ausazko eta kirol-jokoen kontsumoa prebenitzeko tailerrak.
  • Familia eskolak: familiei bideratutako formakuntza-espazioak.
  • Kanpainak herriko eragileekin koordinatuz.
  • LOKALEKU programa: gazte lokaletan elkarbizitza egokia sustatzeko.
  • Drogen kontsumoa edota hauek edukitzeagatik jasotako isunen ordezko neurri alternatiboen programa nerabeei zuzenduta.

NORI ZUZENDUTA DAGO?

Herriko edozein pertsonari: familiei, haur, nerabe, gazte eta helduei, eragileei…

NON ARITZEN GARA?

  • Herriko ikastetxe eta formakuntza-zentroetan.
  • Gazte lokaletan.
  • Komunitatean.

👥 𝗕𝗘𝗥𝗠𝗘𝗢𝗞𝗢 𝗔𝗗𝗜𝗞𝗭𝗜𝗡𝗢𝗘𝗡 𝗣𝗥𝗘𝗕𝗘𝗡𝗧𝗭𝗜𝗡𝗢 𝗭𝗘𝗥𝗕𝗜𝗧𝗭𝗨𝗔

📲 675025018

📧 bermeoprebentzioa@etorkintza.org

📍 Gizarte eta Kultura Etxea, 1. solairua

📅 Martitzenetik eguenera | 09:00-14:00

2026/05/11

Mimarte, antzerkiaren bidez alkoholaren kontsumoaren prebentzinoan laguntzen dauen proiektua Bermeon izango da

Peter Roberts aktore komikoa Mimarte, arte para la prevención izeneko egitasmoaren saio bietako bat emotera etorriko da Bermeoko Nestor Basterretxea aretora, ekainaren 18an. Bermeoko Institutuko DBH2ko ikasleei zuzendutako saioa izango da ekainekoa eta, urriaren 2an, bigarren saioa eskainiko dau, Sagrado Corazon eta Eleizalde ikastolako DBH2ko ikasleei zuzenduta. Mimarte, antzerkiaren eta mimoaren bidez, nerabeen alkohol eta droga kontsumoaren prebentzinoan laguntzen dauen programa da.

Mimarte proiektuaren konpromisoa kontsumo-ohiturei buruzko hausnarketa sustatzean, arriskuei buruz ohartarazotean, DBHko ikasleei horreek identifikatzen laguntzean eta kontsumoaren ondorio sozial eta pertsonalei buruz informatzean datza.

Proiektua sortu zanetik, Euskal Herriko 66.000 ikaslek baino gehiagok hartu dabe parte ekimenean.

2026/05/05

Bermeoko Ludotekak programazino berezia prestatu dau maiatzerako, ikasturte honetako azkena


Maiatzean be LUDOTEKA martxan egongo da, jarduera bereziekaz!

Maiatzaren 29an eta 30ean, ikasturteko amaiera jaialdia egongo da! Ez galdu!

👧🧒 6-11 urteko ume eta gaztetxoentzat

📅 Bariku eta zapatuetan

⏰ 17:00 – 20:00

📍 Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean

2026/03/30

Europak ateak zabaltzen deutsuz ikasketakaz jarraitzeko edo zure karrera profesionalari hasikera emoteko


Europak ateak zabaltzen deutsuz ikasketakaz jarraitu daizun edo zure karrera profesionalari hasikerea emon daizun, kultura eta esperientzia barriak ezagutzen dozuzan bitartean.

Europar Batasuneko kide garanez, Bizkaiko herritarrok abantaila eta onura ugari daukaguz Batasuneko herrialde guztietan; besteak beste, EBko edozein herrialdetan ikasteko aukera, unibertsitateko zein lanbide-heziketako titulu ofizialak baliozkotzea, eta atzerrian lan egiteko baimenik barik lan egin eta bizitzeko eskubidea.

EBko herrialderen batean zure bizitzako etapa barri bati ekiteko erronkari heldu gura badozu —ikasketakaz jarraituz, au pair modura lanean hasiz edo beste herrialde batean lana lortuz—, eta hori dana bertako hizkuntza ikasten, lagun barriak egiten eta tokiko kultura ezagutzen dozun bitartean egin gura badozu, Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako Mugikortasun Gida Europar Batasunean 2026 kontsultau daikezu, zure desafio barri horretan lehenengo urratsak emoten laguntzeko.

Gidan, honako gai honeek aurkituko dozuz:

  • EBri buruzko oinarrizko informazinoa.
  • Herrialdeen arteko mugikortasuna eta Batasuneko herritar izateak emoten deutsuzan eskubideak, lan egiteko zein ikasteko arloan.
  • EBko herrialdeetan lan egiteko eskubidea.
  • Hezkuntza eta prestakuntzaren arloan EBk daroazan ekintzak.
  • Programak eta ikasteko aukerak.
  • Lanerako eta ikasketetarako mugikortasunaren egungo egoerea.

Horrez ganera, Batasuneko estatu bakotxean sartzeko eta bertan bizitzeko bete behar diran izapide zehatzak eta helmugako herrialdeei buruzko beste informazino interesgarri batzuk be aurkituko dozuz gidan.

Kapitulu baten, Erresuma Batuak Europar Batasunetik urten ostean daukan egoereari buruzko atal berezi bat be bada, bai eta Brexit‑aren ondoren han bizitzeko, lan egiteko eta/edo ikasteko baldintzen ganekoa be.

2026/03/05

Bermeoko Udalak eta Visesa soziedade publikoak hitzarmena sinatuko dabe alokairuko babes ofizialeko 52 etxebizitza eraikitzeko

 


Bermeoko Udala eta Visesa soziedade publikoa hitzarmen batean lanean ari dira partzela bat doan lagatzea sinatzeko.

Partzela hori udalaren titulartasunekoa da eta Kaltzadape kalean dago, bidegorriaren hasikeran kiroldegirantz. Bertan, 𝗮𝗿𝗮𝘂𝗯𝗶𝗱𝗲 𝗼𝗿𝗼𝗸𝗼𝗿𝗿𝗲𝗸𝗼 𝗯𝗮𝗯𝗲𝘀 𝗼𝗳𝗶𝘇𝗶𝗮𝗹𝗲𝗸𝗼 𝟱𝟮 𝗯𝗮𝘁 𝗲𝘁𝘅𝗲𝗯𝗶𝘇𝗶𝘁𝘇𝗮 𝗲𝗿𝗮𝗶𝗸𝗶𝗸𝗼 𝗱𝗶𝗿𝗮. Horreetatik, 𝗴𝗶𝘁𝘅𝗶𝗲𝗻𝗲𝘇 %𝟱𝟬𝗮 𝟯𝟲 𝘂𝗿𝘁𝗲𝘁𝗶𝗸 𝗯𝗲𝗵𝗲𝗿𝗮𝗸𝗼𝗲𝗻𝘁𝘇𝗮𝘁 𝗶𝘇𝗮𝗻𝗴𝗼 𝗱𝗶𝗿𝗮.

ℹ️+ hemen

2025/12/04

‘ZURESKU’ eta ‘GARILE’, Busturialdeko XII. Enpresa Ideia Lehiaketako irabazle nagusiak


Busturialdeko Gazteria Zerbitzuek antolatutako XII. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin da abenduaren 4an Busturiako BBK Klima Abenturan. Danatara, 8 proiektu aurkeztu dira, eta 7.000 euro banatu dira eskualdeko gazte ekintzaileei laguntzeko, enpresa-proiektu barriak abian jartzeko edo martxan dagozanei bultzada emoteko.

Sariak eta proiektu irabazleak

  • Lehen saria: ZURESKU (3.000 € + urtebeteko doako aholkularitza zerbitzua Torrealday Aholkularitza enpresaren eskutik)

Aiora Uriartek (18 urte, Arratzu) bultzatutako proiektuak egurrezko joko tradizionalak eta eskulanak berreskuratu eta gaurkotzea dauka helburu. Adin guztietarako jolas inklusiboak eskaintzen dauz, gizarte-inklusinoa, sormena eta belaunaldien arteko hartu-emonak sustatuz. Produktuak eskuz egiten dira Arratzun, material naturalakaz eta kalidadea lehenetsiz, eta salmenta presentziala zein online eskaintzen da. Bere katalogoak 200 jolas baino gehiago batzen dauz.


  • Bigarren saria: GARILE (2.000 € + sei hilabeteko doako aholkularitza zerbitzua Torrealday Aholkularitza enpresaren eskutik)

Maddi Amezagak (29 urte, Errigoiti) sortutako ekimenak gari tradizionala eta nekazaritza-kultura berreskuratzea dauka xede, Busturialdean ingurumen-hezkuntza eta landa-ekintzailetza uztartuz. Proiektuak agroekologia, jasangarritasuna eta ondare kulturalaren babesa sustatzen dauz, Agenda 2030agaz lerrokatuta.


  • Lehen sektoreko ideiarik onena: EBASZ (1.000 €)

Iker Egiak (25 urte, Ajangiz) sortutako proiektuak basogintzako zerbitzu integralak eskaintzen dauz: baso-landaketak, garbiketak, zur ateratzea, pista konponketak, mozketa eta garraioa. Helburua da eskualdeko beharrei erantzutea, zerbitzu arin eta fidagarriak prezio onean eskainiz.


Errigoitin kokatutako ustiategi agroabeltzailea da, ekoizpen ekologikoan oinarritua. Belaunaldi-errelebo arrakastatsu baten ondoren, bost gazte ganaduz osatutako Txapelkoop kooperatibak hartu du lekukoa, abeltzaintza jasangarria eta tokiko garapena uztartuz.


Lehiaketaren helburua

Busturialdeko gazteen artean kultura ekintzailea sustatzea eta enplegua sortzea da lehiaketaren xede nagusia.

Sari banaketa eta epaimahaia

Ekitaldian parte hartu dabe Nadia Nemeh Bermeoko alkate andreak, Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapen Alkarteko lehendakariak eta Ziortza Bilbao Gernika-Lumoko zinegotziak.


Epaimahaia honakoek osatu dabe: Joseba Irazabal (Gernika-Lumoko Udala, Lanbide Ekimenak), Jokin Garatea (Urremendi), Nerea Hormaetxe (Bermeoko Udala, Behargintza Enplegu Zentroa), Leire Zaballa (HAZI Bizkaia) eta Xiomara Gezuraga (IES Barrutialde).

Balorazino-erispideak izan dira: barrikuntza, balio erantsia, originaltasuna, kalidadea eta enplegua sortzeko potentziala.