2026/04/13

Aritzatxu hondartzako kantina eta komunak ustiatzeko deialdia egin dau Udalak eta epea maiatzaren 4ra arte dago zabalik


Bermeoko Udalak Aritzatxuko kantinaren eta komunen emakida administratiboa esleitzeko oinarriak onartu dauz eta deialdia zabaldu dau. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik. Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8 - Tel.: 010), posta bulegoetan (erregelamendu bidez araututako moduan) edo Bermeoko Udaleko kontratatzailearen profilean egin daitekez eskabideak.

Persona juridikoek Bermeoko Udaleko kontratatzailearen profilean aurkeztu beharko dabe derrigor. Beste aukerak, persona fisikoentzat baino ez dira izango.

Emakida hau lehiaketa bidez esleituko da, eta hurrengo erispideak kontuan hartuko dira, ustiapena ahalik eta kalidade-prezio onenean egin daian:

  • Eskaintza ekonomikoa (50 puntu). Hautagaiek egin beharreko gitxieneko eskaintza 300 eurokoa izango da. Proposamen ekonomikoan prezio hori igo egin daiteke.
  • Emakidaren objektu diran espazio eta lokalen mantenu eta garbiketa programa (25 puntu).
  • Aritzatxu hondartza dinamizatzeko plana (20 puntu). Aurkeztutako plana loteslea izango da esleipendunarentzat eta, ondorioz, proposatutako ekimen guztiak egin beharko dauz, ez bada udalak kontrakoa adierazoten dauela.
  • Lehiatzaileak ipiniko dauzen elementu eta altzarien itxura eta ergonomia (5 puntu). Beste batzuen artean, debekatuta egongo da plastikozko altzariak ipintea eta baita merkatal publizidadea edo babesa daukienak ipintea.

Puntuaketan bardinketarik egongo balitz, eskaintza ekonomiko altuena egin dauenaren alde erabagiko litzateke esleipena eta, halanda be, bardinketa mantenduko balitz, zozketa bidez.

Parte hartzaile bakotxak, eskaintza bakarra aurkeztu daike, hau da, eskaria talde baten bidez egiten bada, ezin izango da banaka edo beste talde baten partaidea izan. Holan egiten bada, eskaintza baztertuko da.

Emakidak urtebeteko iraupena izango dau, aldi bi honeek kontuan izanik:

  • 2026ko ekainaren 1etik irailaren 30era arte.
  • 2027ko martxoaren 20tik apirilaren 4ra arte (Aste Santua).

Emakidadunak 1.814,27 euroko behin betiko bermea jarri beharko dau, okupatutako jabari publikoaren balioaren %3aren parekoa. Emakida amaitzen danean, egokiak diran ikuskapenak egin ostean, bermea itzuliko da, ondasunean kalterik sortu ez dala egiaztatzen bada. 

Aritzatxu hondartzako kantinak 12 m2 ditu, komun bakoitzak (bi dagoz) 6 m2 eta terrazak 30 m2.

Kantina jendaurrean zabalik egongo da egunero, 10:00etatik 23:00etara. Ordu horreetatik kanpo ezin izango da zabalik egon.

Gehienez bi egunez egon daiteke itxita kantina hilabete natural baten barruan, horretarako udalak aurretiaz baimena emon badau eta erabiltzaileei abisua emon bajake, gitxienez lanegun bi arinago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Bermeoko Gazteentzako Informazino Zerbitzua ez da hemen adierazotako eritxien eta jasotako ideen erantzule egiten, baina parte hartzeko, erabiltzaileak gitxieneko baldintza honeek kontuan euki beharko dauz:

1.- Era honetako mezuak ez dira onartuko: neurribakoak, lizunak, enpagugarriak, mehatxatzaileak, faltsuak, difamazinokoak, sexu orientazinokoak, pertsona partikularren identidadea erakusten dabenak, datu pertsonalak daroezanak, diskriminatzaileak, iraingarriak, egile eskubideak urratzen dabezanak edo legearen aurkakoak izan daitekezanak.

2.- Aurreko puntuan adierazotako moduko mezuren bat jarri ezkero, mezua ezabatu egingo da.