2025/12/04

‘ZURESKU’ eta ‘GARILE’, Busturialdeko XII. Enpresa Ideia Lehiaketako irabazle nagusiak


Busturialdeko Gazteria Zerbitzuek antolatutako XII. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin da abenduaren 4an Busturiako BBK Klima Abenturan. Danatara, 8 proiektu aurkeztu dira, eta 7.000 euro banatu dira eskualdeko gazte ekintzaileei laguntzeko, enpresa-proiektu barriak abian jartzeko edo martxan dagozanei bultzada emoteko.

Sariak eta proiektu irabazleak

  • Lehen saria: ZURESKU (3.000 € + urtebeteko doako aholkularitza zerbitzua Torrealday Aholkularitza enpresaren eskutik)

Aiora Uriartek (18 urte, Arratzu) bultzatutako proiektuak egurrezko joko tradizionalak eta eskulanak berreskuratu eta gaurkotzea dauka helburu. Adin guztietarako jolas inklusiboak eskaintzen dauz, gizarte-inklusinoa, sormena eta belaunaldien arteko hartu-emonak sustatuz. Produktuak eskuz egiten dira Arratzun, material naturalakaz eta kalidadea lehenetsiz, eta salmenta presentziala zein online eskaintzen da. Bere katalogoak 200 jolas baino gehiago batzen dauz.


  • Bigarren saria: GARILE (2.000 € + sei hilabeteko doako aholkularitza zerbitzua Torrealday Aholkularitza enpresaren eskutik)

Maddi Amezagak (29 urte, Errigoiti) sortutako ekimenak gari tradizionala eta nekazaritza-kultura berreskuratzea dauka xede, Busturialdean ingurumen-hezkuntza eta landa-ekintzailetza uztartuz. Proiektuak agroekologia, jasangarritasuna eta ondare kulturalaren babesa sustatzen dauz, Agenda 2030agaz lerrokatuta.


  • Lehen sektoreko ideiarik onena: EBASZ (1.000 €)

Iker Egiak (25 urte, Ajangiz) sortutako proiektuak basogintzako zerbitzu integralak eskaintzen dauz: baso-landaketak, garbiketak, zur ateratzea, pista konponketak, mozketa eta garraioa. Helburua da eskualdeko beharrei erantzutea, zerbitzu arin eta fidagarriak prezio onean eskainiz.


Errigoitin kokatutako ustiategi agroabeltzailea da, ekoizpen ekologikoan oinarritua. Belaunaldi-errelebo arrakastatsu baten ondoren, bost gazte ganaduz osatutako Txapelkoop kooperatibak hartu du lekukoa, abeltzaintza jasangarria eta tokiko garapena uztartuz.


Lehiaketaren helburua

Busturialdeko gazteen artean kultura ekintzailea sustatzea eta enplegua sortzea da lehiaketaren xede nagusia.

Sari banaketa eta epaimahaia

Ekitaldian parte hartu dabe Nadia Nemeh Bermeoko alkate andreak, Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapen Alkarteko lehendakariak eta Ziortza Bilbao Gernika-Lumoko zinegotziak.


Epaimahaia honakoek osatu dabe: Joseba Irazabal (Gernika-Lumoko Udala, Lanbide Ekimenak), Jokin Garatea (Urremendi), Nerea Hormaetxe (Bermeoko Udala, Behargintza Enplegu Zentroa), Leire Zaballa (HAZI Bizkaia) eta Xiomara Gezuraga (IES Barrutialde).

Balorazino-erispideak izan dira: barrikuntza, balio erantsia, originaltasuna, kalidadea eta enplegua sortzeko potentziala.

2025/04/16

Europara bidaiatuko badozu atara eizu Europako Osasun Txartela, Batasuneko edozein herrialdetan osasun zerbitzua izateko


Europako Osasun Txartela (EOT) agiri personal eta besterenezina da, eta eskubidea emoten dau ikuspuntu medikotik beharrezkoak diran osasun zerbitzuak jasotzeko, Europako Eremu Ekonomikoan, Erresuma Batuan edo Suitzan egindako aldi baterako egonaldietan. Aintzat hartuko da prestazinoen izaera eta aurreikusitako egonaldiaren iraupena, helmuga herrialdeko legeriaren arabera, eta egonaldiaren arrazoia turismoa, jarduera profesionala edo ikasketak izanda be.

EOT-ek ez dau balio joan-etorriaren helburua tratamendu medikoa jasotzea danean. Kasu horretan, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (INSS) edo Itsasoko Gizarte Institutuak (ISM) jagokon formularioa igorri behar dau, Osasun Zerbitzuaren aldeko txostena jaso ostean.

Kasu batzuetan osasun-laguntzaren zenbateko edo ehuneko finko bat ordaindu beharko da, helmuga Estatuko asegurudunek dabezan baldintza bardinekaz. Zenbateko hori ezin izango da itzuli.

Europako Osasun Txartela banakakoa da eta titularrari osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea bermatzen deutso. Eskatzen daben pertsonei emongo jake txartela eta turismoko bidaietan, ikasketa edota pentsioarengaitik egiten diran leku aldaketetan erabili ahal izango da. Txartelean titularraren izena, NAN zenbakia eta atzetik daukan Segurtasun Sozialeko Institutuaren zenbakia agertuko dira. Horreri esker tramiteak asko arinduko dira, izan be, orain arte derrigorrezkoa zan gaixoa bere herrialdeko Segurtasun Sozialeko bulegoagaz hartu-emonetan jartzea.

Europako Osasun Txartelari esker, Europar Batasuneko hiritar guztiek jaso ahal dabe Batasuneko edozein herrialdetan osasun zerbitzua. Doako zerbitzua izango da hori, eta ordaindu behar baldin bada, ondoren egingo da hori. Txartelaren balioa urte bikoa da (txartelean bertan adierazoten da iraungitze-data).

Egonaldiaren herrialdean zure EOT onartzen ez bada, SOLVIT sarera jo daikezu (solvit@ue.maec.es), Gizarte Segurantzaren Erkidegoko Araudia aplikatzen daben administrazinoen arteko arazoak konpontzeko doako zerbitzua, hain zuzen.

Zelan eskuratu?
  • On line, Gizarte Segurantzaren Bulego Birtualean eskatzen badozu, etxean jasoko dozu txartela.
  • Telefono bidez: 901 166 565 / 91 542 11 76 telefono zenbakietara deitu eta etxean jasoko dozu txartela, egun gitxiren epean.
  • Gizarte Segurantzaren bulegoetan: Bilbon: Avda. Sabino Arana, 3 - 944 284 545 - Vicente Garamendi, 6 - 944 333 003 - Iruña, 13 - 944 478 366 - Gran Vía, 89 - 944 284 517 eta Gernikan: Juan Calzada, 89 - 946 257 107
EOT onartzen daben herrialdeak: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Zipre, Kroazia, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Islandia, Italia, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Malta, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania, Suedia eta Suitza.

2025/03/04

Gazte Txartelak aterpekide-txartel modura balio dau eta doako bidaiako laguntza-asegurua dauka


2019ko abendutik aurrera, Gazte-txartela doakoa da eta Eusko Jaurlaritzak zuzenean bialtzen deutse 14 urte betetzen dabezan gazteei, eskatu behar barik. Ordutik, Gazte Txartelak, Eusko Jaurlaritzaren gazteentzako agiriak, doako bidaiako laguntza-asegurua dauka, mundu osoan baliogarria dana.

Deskontuez ganera, Gazte Txartelak aterpekide-txartel modura balio dau munduan zehar banatuta dagozan 4.000 instalazinoetan. Holan, gazteek nazinoarteko sareko edozein aterpetan hartu ahalko dabe ostatu.

Gaur egun 80.000tik gora gaztek daukie Gazte-txartela. Europan homologatuta dagoan gazteentzako euskal agiri bakarra da Gazte Txartela, eta Europako Gazte Agirien (EYCA/European Youth Card Association) Alkartearen barruan dago.

Txartel barria inklusiboa —aniztasuna eta baztertutako taldeak kontuan hartzen dauz— eta jasangarria be da.

Gazte-txartela eskuratzeko nahikoa da 14-29 urte izatea (30 urte betetzean bajan emongo jako urteak betetzen dauzan hilabetea amaitu eta batera) eta Euskadin erroldatuta egotea, nahiz eta beste autonomia-erkidego batetik edo atzerritik etorria izan.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak kontsulta zerbitzua dauka 682 306 102 eta 945 01 95 11 telefonoetan eta gaztetxartela@gmail.com eta gaztetxartela@euskadi.eus helbide elektronikoetan.

Gazte-txartelak deskontu iraunkorrak (garraioak, ostatua, prestakuntza, kultura, kirolak, osasuna, turismoa, e.a.), lehiaketak eta zozketak, bidaia-asegurua, ikuskizunetarako sarrerak, teknologia eta askoz gehiago eskaintzen dau. Gazte-txartela aurkezteagaitik bakarrik, gazteei deskontuak eskaintzen deutsiezan 1.000tik gora establezimendu dagoz Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik. Ikusi hemen Euskadiko abantailak, udalerriaren edo sektorearen arabera.


Gazte-txartela eta ISIC (Ikaslearen Nazioarteko Txartela): desbardintasunak
  • ISIC txartela eukiteko, derrigorrez izan behar da unibertsitateko ikaslea, erdi-mailako ikasketena edo eskola ofizialetakoa; hori frogatuko dauan egiaztagiria behar da. Gazte-txartela eukiteko, barriz, ez da beharrezkoa ikaslea izatea, nahikoa da 14 eta 29 urte bitarteko adina izatea.
  • Gazte-txartelaren epea 30 urte artekoa da, ISICena urte betekoa.
  • Gazte-txartela Europarako txartela da. ISICek, barriz, mundu osoko herrialdeetan balio dau.
  • Europan, orokorrean, Gazte-txartela zabalduago dago.

2021/04/06

Euskal abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina martxan jarri dau Bermeoko Udalak

Euskal abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina martxan jarri dau Bermeoko Udalak, UEMAren laguntzagaz, munduan euskaldunek presentzia izateko.

Bermeon oso zabalduta dagozan abizen asko idatzi daitekez euskeraz: Atxikallende, Allika, Argiarro,  Etxebarria, Bulukua, Markaida, Erauzkin, Gabantxo… kanpaina hori, bere euskal abizena gaztelaniazko grafiaz idatzita dauenari zuzenduta dago, emon behar dauzan pausuak argitu eta epaitegian aldaketa eskatzeko.

Horretarako, UEMA-k prestaturiko informazino-orriak banatu dira herriko udal zerbitzuetan, ikastetxeetan, euskaltegietan eta Hizkuntza Eskolan.

Informazino-orrietan jasotzen dira aldaketa egiteko emon beharreko hiru pausuak:

✓ Erregistro zibilean edo bake epaitegian aldaketa eskatu.
✓ Eskaera orria bete.
✓ Agiri honeek eroan:
  • Nortasun Agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez danak gurasoena eroan behar dau).
  • Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da).
  • Errolda agiria (Udaletxean eskatzen da eta, adinez nagusia ez bada, gurasoena beharko dau).
  • Familia-liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak badaukaz).
  • Seme-alaben nortasun agiriaren fotokopiak, 16 urtetik gorakoak badira.
Horretaz ganera, izena edo/eta abizena euskeraz zelan idatzi behar dan kontsultatzeko www.euskaltzaindia.eus webgunean bilatu ahal da informazino osotua.

Bestalde, epaitegietan egiten diran beste tramite batzuk be euskeraz egin daitekez. Holan ba, epaitegian erregistratzen diran jaiotza, ezkontza eta heriotza-inskripzinoetan, euskera erabiltzeko aukera badago.

2020/06/22

Ezagutu eizu Busturialdeko gazteria zerbitzuek martxan jarritako Gaztedi Busturialdearen webgunea, eskualdeko gazteei zuzenduta


Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko Gazteria zerbitzuak www.gaztedibusturialdea.eus web-orrialdea jarri dabe martxan, Bizkaiko Foru Aldundiaren 'Udal Gaztedi' programaren barruan. Horretan, Gaztedi Busturialdea proiektuan lantzen dabezan lan ildoak batzen dira.

Enplegua, bekak, prestakuntza eta ekintzailetza dira lan arlo nagusiak eta horreetan eskaintzen dabenaren informazinoa batzen da webgune barrian. Ganera, ikastaro, berbaldi edo bestelakotan izena emoteko aukera be dago bertan.

Atariak, ganera, ikastaro, hitzaldi edo bestelakotan izena emoteko izapideak be errezten dauz, aukera emoten baitau izen-emotea bertan egiteko.