2019/07/15

Uda sasoian adinbakoen eta gazteen artean emoten diran gehiegizko alkohol-kontsumoei aurre egiteko kanpaina martxan da

Alkohola da gehien kontsumitzen dan droga, eta herritar gehienek neurrian kontsumitzen badabe be, gehiegi kontsumitzeak dakarzan arriskuak dirala eta, gizarte eta osasuneko arazo gehien eragiten dauzan substantzia da, tabakoagaz batera.

Arrisku eta arazo horreek areagotu egiten dira alkoholaz abusatzen dabenak edo kontsumo problematikoak daukiezanak nerabeak diranean. Adinbakoek alkohola kontsumitzeak berehalako ondorioak izan daikez, eta, ganera, larriak, baita ondorio kaltegarriak be epe luzean, adibidez alkoholarekiko adikzino kronikoa.

Nerabeen garuna bereziki ahula da alkoholaren ondorioen aurrean. Azken urteetan, ikerketa zientifiko askok egiaztatu dabe lotuta dagozala nerabeen alkohol-kontsumoa eta kalte zerebrala. Heldutasun psikologikoa ez izateak gatxagoa egiten dau alkoholaren kontsumoak eragiten dauzan sentsazino eta ondorio asko maneiatzea. Gitxitu eta murriztu egiten dira arreta, erreakzionatzeko gaitasuna eta denpora, eta zaildu egiten dau erabakiak hartzea. Beraz, nerabeek alkohola kontsumitzeak euren osotasun fisikoa eta psikikoa arriskuan jartzen dau, eta, ganera, agresibidadeagaz, istripu-tasagaz, sexualidadeagaz eta osasun publikoagaz lotutako jokabide arriskutsuekaz lotzen da.

Hori dala eta, Eusko Jaurlaritzak "Aukeratu zure udako argazkia" kanpaina jarri dau martxan beste urte batez uda sasoian nerabeen eta gazteen artean emoten diran gehiegizko alkohol-kontsumoei aurre egiteko. Hizkera gazte eta zuzen baten bidez, gazteen kontzientziari eta erantzukizunari erregutu gura jake, alkoholagaz eta mendekotasuna sortzen daben beste substantzia batzuekaz (kalamua, tabakoa, e.a.) daukien harremana zalantzan jartzeko, baita droga horreek sortu ahal deutsiezan eragin eta ondorioez ohartzeko be.


Nerabezaroa bizitzaren aldi garrantzitsu bat da, eta ezaugarri nagusiak gizabanakoak helduaroan sartzeko prozesuan daukazan aldaketak eta nahasteak dira. Aldaketak emoten dira nerabea bizi dan erreferentzia-taldeetan be, eta bereziki, familian eta berdinen taldeetan.

Gaur egun, substantzien kontsumoa helduaroan sartzeko prozesuaren erritualetako bat da nerabe eta adinbako askorentzat. Aditu eta egile askok dinoe mozkortzea nerabeen aisiarako eta ondo pasatzeko erritualen zati bat dala asteburuetan eta udan.


'Drogak eta Eskola 2012' izeneko inkestan ikusten danez, alkohola probatu dabenen artean, alkohola kontsumitzen hasteko batez besteko adina 13,2 urte da garagardoaren kontsumoaren kasuan, 13,39 ardoaren kasuan, 13,6 likorearen kasuan, eta lehenengo mozkorraldia 14,1 urte inguru izatean gertatzen da.

Kanpainaren zabalkundea (prebentzinozko materialak, erregeletak, alkoholimetroak, kartelak...) tokiko erakundeen bitartez egiten ari da, Bermeoren kasuan, Gazteentzako Informazino Zerbitzuaren (GIZ) eta kale hezitzailearen bitartez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Bermeoko Gazteentzako Informazino Zerbitzua ez da hemen adierazotako eritxien eta jasotako ideen erantzule egiten, baina parte hartzeko, erabiltzaileak gitxieneko baldintza honeek kontuan euki beharko dauz:

1.- Era honetako mezuak ez dira onartuko: neurribakoak, lizunak, enpagugarriak, mehatxatzaileak, faltsuak, difamazinokoak, sexu orientazinokoak, pertsona partikularren identidadea erakusten dabenak, datu pertsonalak daroezanak, diskriminatzaileak, iraingarriak, egile eskubideak urratzen dabezanak edo legearen aurkakoak izan daitekezanak.

2.- Aurreko puntuan adierazotako moduko mezuren bat jarri ezkero, mezua ezabatu egingo da.