2018/12/14

Irati Arrien gazte gernikarraren turismo natural eta jasangarriaren aldeko ’Glamping Busturialdea’ proiektuak irabazi dau Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketa


Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen daben Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketak badaukaz irabazleak. Irati Arrien Jauregi gernikarrak lortu dau lehenengo saria, 3.000 eurokoa ’Glamping Busturialdea’ izeneko ideiagaz. Bigarren saria, 2.000 eurokoa, Ander Etxaniz de Miguel eta Borja Txertudi Gangoiti busturitarrek lortu dabe ‘Hondabizi’ ideiagaz.

Aurtengo Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan burutu da. 'Glamping Busturialdea' izeneko ideiak jaso dau 3.000 euroko lehenengo saria eta 'Hondabizi' ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Ganera, Arratzuko Elkartegian urtebeteko langunea be irabazi dabe. Guztira, 13 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dabezan enpresa ideiak.

Lehenengo saria jaso dauan 'Glamping Busturialdea' eskualdean, Matxitxako inguruan, kokatuko dan eta %100ean jasangarria izango dan glamping-a da. Busturialdean turismo natural eta jasangarria sustatzeko ostatu alternatiboa proposatzen dau Irati Arrien (Gernika, 1996) gazteak. Ideiaren sustatzailea Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan (LEINN) graduatua da eta 22 urte daukaz eta azken urteetan internazionalizazino eta hezkuntza proiektuetan lanean aritu da mundu osoan.


Bigarren saria jaso duen 'Hondabizi' ideiak produktu lehiakorrak sortzeko hondakin organikoen kudeaketa, tratamenduak eta balio erantsiko soluzinoak eskaintzen dauz. “Ideia egunero sortzen doguzan hondakinek suposatzen daben arazotik agertzen da, honeek kudeatu eta berrerabilpen egoki bat emoteko ideiatik. Busturialdean daukagun egoera aztertu ostean sortzen da ideia, merkatua hau garatzeko aukera ikusten dogu eta ingurumenagaz eta jasangarria dan bizitzeko modu bategaz konpromezua daukan enpresa bat martxan jarri gura dogu”, dinoe sustatzaileek.

Ander Etxaniz (Busturia, 1992) eta Borja Txertudi (Busturia, 1993) biak dira busturitarrak. Etxaniz Geologian graduatua da eta Ingurumenari aplikatutako bioteknologia ikasten ari da. Txertudi, barriz, Elektromekanika ikasitakoa da. “Landa eremuan bizi izaterakoan, txikitatik ezagutu dot hondakin organiko ezbardinen balorizazinoa, bai lurren emankortasunerako edo bai erabilera energetikoetarako”, dino.

Danatara, 5.000 euro banatu dira saritan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko. Lehiaketaren helburuetako bat eskualdean lanpostu barriak sortzea bermatzea da. Ganera, proiektu irabazleek urtebetez Arratzuko Elkartegian langune bat doan erabiltzeko aukera izango dabe, Busturialdeko Gazteria zerbitzuek ordainduko baitabe langune hori.


Maitane Leizaola, BFAko Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusiak; Juan Karlos Agirre, Bermeoko Udalako Gazteria zinegotziak; Jose María Gorroño, Gernika-Lumoko alkateak eta Urremendi LGEko presidenteak eta Kortezubiko Alkateak, Ibon Legarza Albizurik, parte hartu dabe aurtengo sari banaketan.

Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dauzan Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dabe martxan bosgarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Epaimahaia honako honeek osotu dabe:

- Bermeoko Udaleko ordezkaria: Nere Mintegi Elorriaga (Behargintzako zuzendaria).
- Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria: Paula Pereda Perez (BEAZeko teknikaria).
- Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta (Lanbide Ekimenak Gernika-Lumoko teknikaria).
- HAZIko ordezkaria: Elisabet Gorospe Gorostiza (Ekintzailetza eta prestakuntza arloko arduraduna).
- Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz (Gazteriako ordezkaria).

Baloratzeko orduan, honako irizpide honeek hartu dira kontuan: izaera barritzailea, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko daukan potentzialidadea eta sortutako lanpostuen kalidadea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eroateko daukan gaitasuna; Busturialdean proiektu hori aurrera eroateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek daukan egokitzapena; proiektuaren definizino-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurumenagaz) eta daukan gizarte-eragina.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Bermeoko Gazteentzako Informazino Zerbitzua ez da hemen adierazotako eritxien eta jasotako ideen erantzule egiten, baina parte hartzeko, erabiltzaileak gitxieneko baldintza honeek kontuan euki beharko dauz:

1.- Era honetako mezuak ez dira onartuko: neurribakoak, lizunak, enpagugarriak, mehatxatzaileak, faltsuak, difamazinokoak, sexu orientazinokoak, pertsona partikularren identidadea erakusten dabenak, datu pertsonalak daroezanak, diskriminatzaileak, iraingarriak, egile eskubideak urratzen dabezanak edo legearen aurkakoak izan daitekezanak.

2.- Aurreko puntuan adierazotako moduko mezuren bat jarri ezkero, mezua ezabatu egingo da.