2018/07/18

Aisialdiko begiralea izateko ikastaroa antolatu dau Bermeoko GIZek eta izen-emotea zabalik dago gehienezko plaza kopurua bete arte

Bermeoko Udaleko Gazteria zerbitzuak (GIZ) datorren ikasturteari begira, Aisialdiko Begirale ikastaro barria antolatu dau, Gaztetxo Eskolagaz batera. Ikastaro hori, 2018ko urriaren 20tik 2019ko maiatzaren 5era arte izango da, 12 asteburutan. Izen-emotea urriaren 11ra arte edo eskainitako gehienezko plaza kopurua bete arte egongo da zabalik, GIZen (Gizarte eta Kultura Etxea).

Eskolak, bariku atsaldeetan (18:30-21:00) eta zapatuetan (10:00-13:15/16:00-19:00) izango dira, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Derrigorrezkoa izango da 12 saioetara joatea, izan be, baten batera falta izanez gero, datorren ikasturtean errekuperatu beharko da.

Titulazino ofiziala
Ikastaroaren atal teorikoak 150 orduko iraupena izango dau, aurreko urteetan baino gitxiago. Atal hori amaitutakoan, ikasleek memoria teorikoa entregatu beharko dabe. Ondoren, ikasleek 160 orduko praktikak egin beharko dabez, beti Gaztetxo Eskolak ipinitako epearen barruan edo Eusko Jaurlaritzak titulazinoa ofiziala lortzeko muga bezala ezarritako epearen barruan. Praktika horreek Udalaren gazteria zerbitzuetan egiteko aukera egongo da (Gaztelekua eta Ludoteka), lekua egonez gero. Bestela, Gaztetxo Eskolagaz edo norberan kabuz burutu beharko dira. Begirale praktikak amaitu eta gero, praktiken memoria garatu beharko da. Memoria praktiko hori atal praktikoa amaitutakoan entregatu beharko da.

Eusko Jaurlaritzaren Aisialdiko Begirale titulua lortzeko, beraz, ikasturtearen 12 ikastaro edo saioetan parte hartzeaz ganera, aipatutako memoria biak entregatu eta praktikak garatu beharko dira.

Plaza mugatuak
Ikastaroak 20 lagunentzako lekua dauka, gehienez. Ikasleek, Eusko Jaurlaritzako dekretuan agertzen dan moduan, 18 urte izan beharko dabez begirale praktikak gauzatzeko edota atal teorikoa amaitzen danerako. Hau da, 2019ko ekainerako 18 urte beteta izan behar dabez, izan be, derrigorrezkoa da 18 urte beteta izatea praktikak egiteko eta titulua tramitatzeko.

Ohiko moduan, izena-emoterakoan eta taldea osotzeko momentuan 35 urtera arteko gazte bermeotarrek izango dabe lehentasuna. Ikasleak euskaldunak izan beharko dira, ikastaroa euskeraz izango baita.

Gaztetxo Eskolak bideratuko dauan ikastaroaren edukiak, besteak beste, honako honeek izango dira: aisialdi heziketa, aisialdiko kudeaketa, aisialdiko dinamizazinoa, balioen hezkuntza, hezkuntza premia bereziak, herri nortasuna, droga-mendekotasunaren eta sexualidadearen prebentzinoa, e.a. Helburua, hezitzaileek heztekotan dagoan umearen garapen pertsonal eta komunitarioa lortzea izango da, beste batzuen artean.

Matrikularen prezioa aurreko urteetako berbera izango da, Bermeoko Udalak finantzatuko baitau ikastaroaren zati bat. Honako honeek dira matrikulazino prezioak, adina eta jaioterria kontuan izanda:
  • Bermeon erroldatutako 35 urtera arteko gazteak: 350 euro.
  • Bermeon erroldatutako 35 urtetik gorakoak eta herritik kanpo erroldatutakoak: 400 €.

Matrikularen barruan aterpetxeetako hiru asteburuak (mantenu osoa) sartuta egongo dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Bermeoko Gazteentzako Informazino Zerbitzua ez da hemen adierazotako eritxien eta jasotako ideen erantzule egiten, baina parte hartzeko, erabiltzaileak gitxieneko baldintza honeek kontuan euki beharko dauz:

1.- Era honetako mezuak ez dira onartuko: neurribakoak, lizunak, enpagugarriak, mehatxatzaileak, faltsuak, difamazinokoak, sexu orientazinokoak, pertsona partikularren identidadea erakusten dabenak, datu pertsonalak daroezanak, diskriminatzaileak, iraingarriak, egile eskubideak urratzen dabezanak edo legearen aurkakoak izan daitekezanak.

2.- Aurreko puntuan adierazotako moduko mezuren bat jarri ezkero, mezua ezabatu egingo da.